Ongi etorri I Bienvenido I Bienvenue
  ¿Zer da TALOA?  
  Artoa eta TALOA Historian  
  Artoa eta TALOA osasunean  
  Nola egin betiko TALOA  
  Non erosi TALOAK?  
  Nola jan TALOA?  
  Gure oroitzapenak  
     
 
ARTOA ETA TALOA HISTORIAN

Euskal gizaki primitiboa ehiztaria izan zen. Elikaduraren oinarri zituen ehiza eta basoan biltzen zituen fruituak eta landareak.

Ondoren, K.a. 3000. urtearen bueltan, abeltzaintzan hasi zen, eta K.a. 300. urtean, berriz, nekazaritzari ekin zion, erromatarrek lurra lantzen erakutsita. Hala, Euskal Herriko lehen uztak zerealenak izan ziren.

XV. mendean biztanle kopuruak gora egin zuen eta, horregatik, nekazaritzako produktuen eskeak ere gora egin zuen. Garia eta artatxikia (mijoa) ereiten ziren. Produktu horiek, elikagaiak izateaz gain, baserriko errentak ordaintzeko ere erabiltzen ziren.

1523. urtean ailegatu zen artoa Uztaritzera (Iparraldera), euskal marinelek ekarrita. Espainian, aldiz, mende bat beranduago.

XVII. mendean ugari erabiltzen zen artoa. Oso harrera ona izan zuen nekazarien artean eta bizimaila hobetzea ekarri zuen. Uzta kaxkarreko garaietan, goseteak izaten zirenean lagun ona izan zen artoa; eta horrek ere eragin zuen biztanle kopurua igotzen.

XVII eta XVIII. mendeetan, berriz, artoa eta babarruna izan ziren euskaldunon jaki nagusiak eta, orduan ere biztanleria egonkortzen lagundu zuen.

Orain gutxi arte artoa oinarrizko elikagaia izan da gure kulturan. Aldi berean, tradizioak eta harremanak sortzeko bidea izan da; esaterako, arta-zuriketa festak. Festa horiek behin uzta bilduta eta artoa zuritzen hasten ziren sasoian egiten ziren. Herritarrak, baserritarrak gehien bat, baserriz baserri joaten ziren auzolanean, ondoko baserrietako arto zozkorrak zuritzen laguntzera. Hala, elkarrekin aritzen ziren kontu-kontari eta herriko kontuak ikasten zituzten. Harreman sozialerako eta afektiboetarako aukera paregabea izaten zen arta-zuriketa.

Testuinguru horretan, artoa eta Taloa bateratsu ibili dira. Beraz, Euskal Herrian Taloa jatea da artoa kontsumitzeko modurik usuena eta errotuena.